2006/03/23

Gure herriko arrazakeria

Asteazkenean metroan nebilen, bueltako orduan (eguerdian). Nere aurrean bi emakume zioazten: bata, 40 ta piko urte inguru; bestea, jubilazio aroan jadanik sartuta zegoen. Atsoak hitz egiten ari zen eta nire arreta erakarri zuen. Esaten ari zena nazkagarria zen, benetan. Berak beren 8 seme alabak laguntzarik gabe hezitu zuela hasi zen, eta inmigranteak (berriak, suposatzen dut) laguntza pilo bat dituztela, ez zela justua; eta gainera emakumeak gure gizonak "lapurtzen" zituztela, diru guztia xurrupatzen...
Benetan nazkagarria izan zen. Gutxigatik ez nion ezer esan zahar alu horri. Jendea galduta dago. Migrazioei buruz nire iritzia argitu nahi dut.
Hasteko, inmigranteak hona etortzen badira arrazoi ugariengatik izango da. Nik positibotzat ikusten dut, esan nahi duelako, atzerrian gure herriaren irudi positiboa dagoela; ezpabere ez lirateke hona etorriko. Gainera, gure enpresariek, gure enpresek, gure arbasoek herri horien pobretze prozesuan parte hartu zuten (baita guk ere, hein txiki batean). Horrez gain, "gure" gobernuek ematen dien laguntza dela eta etortzen badira (beharrezkoa den gauza bat) ez da haien "errua", erantzunkizuna gobernuarena da.
Honekin esan nahi dut ez dugula geure gorrotoa haiengan isuri behar. Argi izan behar dogu ez dela ez geure ezta haien errua gaur egun ditugun arazoak. Gobernuak laguntzen badie, eta horrekin ados ez egotekotan, ez da inmigranteen errua, momentuan dagoen gobernuarena. Ikuspuntu etnozentrista batetik abiatuz, bertokoek bertoko ez direnen gaineko eskubideak dituztela uste bada, eskubide honen urraketaren erantzulea gobernua da. (Idei hau nahiko kretinoa da neretzat, baina jende asko pentsatzen duenez aipatu behar nuen. Nere ustez, ez lirateke bertokoen eta ez bertokoen arteko bereizketarik eman behar).
Askok diote inmigranteek lanpostuak lapurtzen dizkigutela. Berriro ere, ez da haien errua. Gure enpresari kuttunak beraien irabaziak handitzeko gure eskulana alde batera uzteko, inmigranteak esplotatuz, ez da inmigranteen errua. Ez dizkigute lanpostuak lapurtzen. Gure bertoko enpresarien errua da, ez haiena.

Irakurri duzuenez, bi agente aipatu ditut: Estatua (edo gobernua) eta klase enpresariala. Bi agente hauek jendea itsutzen dute, langileria / herria itsutzen saiatzen dira, geure artean banatzen. Etsaiak izatekotan haiek izan beharko lirateke, eta ez inmigrante marginatu batzuk.
Arrazakeria jendea arrazoirik banatzeko estrategia da, botereduentzat onuragarria dena. Arrazakeriaren aurka nago eta arrazoiak argi dauzkat. Eta zu?

2006/03/12

Politika Burgesaren Aurka (I)

Hasteko, esan behar dut idatziko dudana EGIA ABSOLUTUA ez dela, mundua uletzeko era bat baizik (bizitza filosofia). Denbora izanda, artikulu honen II, III ... atalak idazten joango naiz, pentsatzen dudana artikulu batean laburtzea sinplista izatea baita (berez, pentsamendu bat 15 artikulutan idaztea sinpleegia da, pertsonen pentsakerak askoz konplexuak baitira).

Sistema Demokratikoa, Gobernua, Parlamentua eta Legea

Sistemaren propagandak denbora guztian esaten ari da dugun mundua existitu daitekeen hoberena dela, nahiz eta inperfektua izan. Boterea herriak duela, eta Gobernuak herri subiranotasunaren bermatzailea dela. Demokrazia batean bizi garela esaten digute, baina horrela ez da. Demokrazia hitzak (herriaren gobernua) funtsezko kontraesan bat du: Gobernu bat badago, herriak ez du gobernatzen, elite bat baizik. Herriak beren arazoak gobernatzen baditu, herria bideratzen duen gobernurik ezin da egon. Herriaren gobernua ezin da inoiz eman.
Demokrazia kapitalistetan, "dugun" erabaki ahalmen hori (boterearen hitzetan) 4 urtero iksten da, parlamentuko, senatuko, jaurlaritzako eta udaletako postuak okupatuko dituzten eliteen artean erabakitzerakoan. Gehiengoaren hitza izan dela diote. Ez da egia.

Gehiengoa?

Bozketa demokratiko batek ez du inoiz gehiengoaren borondatea adieraziko. Kasurik hoberenean, alderdi batek 10 botuemaileen hiruzpalau botu adierazten dute. Sarritan ehuneko murritzago bat da. Horrez gain, alderdi bakoitza ez da bere barnean homogeneoa, talde, joera ... ezberdinak daude, eta talde dominatzaileen barnean, pisuzko jendea. Guzti honen ondorioz, azkenean erabakiak hartzen dituen jendea gutxiengo bat da. Hauteskundeek lidergo batzuk zehatz ditzakete, baina praktikan, lidergoak sistemaren interesak defendatuko ditu. Boterea banatzen diren eliteek konpromisoak eta aurre akordioak dituzte, hauteskundeekin zerikusirik ez dutenak (Adibidez, PSEk ez du PNVren trapu zikinak atara, ezta Zapatero "progresistaren" gobernuak ere, PPrekin).

Nork du Boterea?

Bozkatu ostean, herriaren hitza ez da berriro eskatzen. Botere exekutiboak turnoko gobernuaren eskuetara pasatzen da, nahi duena eginez. Gainera, hauteskundeetan ez da erabakitzen nor bozkatu, parlamentuaren eraketa soilik erabakitzen da. Host, barne ministeritzan, ekonomia ministeritzan, ... nork aginduko duen presidentziaren gobernuak erabakiko du, eta presidentziaren gobernuak parlamentuak erabakiko du. Goi karguak "a dedo" erabakiko dira: Gobernu Zibilak, Estatu Idazkaritza, Enpresa Publikoen Buruzagiak, Botere Judizialaren Goi kargoak, ... hau al da demokratikoa?

(jarraituko du)

2006/03/05

Ertzaintzaren jarrera ulertzeko zailtasunak

(GARAtik ataratako idatzia, 2006/03/05)
Ertzaintza eta ezker abertzaleko jendea, aurrez-aurre, kalean. Ertzaintza eta eskarmentu handiko langileak eta militanteak, aurrez-aurre, kalean. Azken orduko irudiek kezka bizia sortu dute. Igor Angulo eta Roberto Saizen heriotzek bi presoen familiengan eta inguru sozialean sorturiko mina areagotzera jo du Ertzaintzak. Zergatik? Gasteizko kaleetan, orain dela 30 urte, Frankismo garaiko Poliziak eginiko sarraskia oroitzeko manifestazio jendetsua egin da. Ertzaintza azaldu eta xingola beltzez apaindutako ikurrina eta Lakuak salatu duen espetxe politikak eragindako azken bi hildakoen argazkiak kentzeko agindua eman... eta, ondoren, inortxok ere entzun ez zituen oihu batzuk aitzakia, milaka lagunen aurkako erasoa. Dozenaka zauritu, batzuk atxilotu, eta gogor egurtuak izan direnak espainiar Auzitegi Nazionalaren aurrean salatu.

Zaramagako elizan 1976ko martxoaren 3an gertatu zen Poliziaren jazarpen bortitzetik bizirik atera zirenek nekez uler ditzakete Fragak bidalitako Poliziak eta Balzak agindutako Ertzaintzak, 30 urte beranduago, agertzen dituzten parekotasunak. Haiek bezala, euskal herritar asko zur eta lur geratu dira, PSOEk kudeatzen duen espetxe politikari loturiko gertakizun latzen aurrean Barne Sailak erakutsitako jarrera egoskorra ikusita.

Ertzaintzaren jokabidea ulertzeko zailtasunak areagotu dira, kontuan izaten bada Lakuako Gobernuak, batetik, eta Legebiltzarrak, bestetik, espetxe politika salatu eta Martxoaren 3ko biktimei elkartasuna adierazi dietela. Presoek pairatzen duten egoera latza eta Estatuak eragindako biktimek jasaten duten utzikeria hitz gogorrekin salatu ondoren, nola bidal daiteke Ertzaintza hildakoei beren azken agurra eman nahi dutenak erasotzera? Zerk bultzatzen du Ertzaintza duela hiru hamarkada San Frantzisko elizan bost kide hilik utzi zituzten sindikalistak berriz jipoitu, atxilotu eta espainiar epaitegi bereziaren aurrean salatzera?

Gaur, Josu Jon Imaz eta bere alderdiaren beste agintari batzuk Irungo hilerrian elkartuko dira. ETAk hil zuen Montxo Doral sarjentua gogoratuko dute. Igor Angulo eta Roberto Saizen senitarteko eta lagunek pairatu behar izan dituzten debeku eta indarkeria jasateko arriskurik gabe, joan zena omendu eta ETAren indarkeria kondenatuko dute. Egoera ezin aproposagoa da Imazek beste euskal biktimen aurrean Ertzaintzak erakutsi duen jarrera bortitzaren arrazoi sakonak azaldu ditzan.

2006/03/04

Mamu berriak (edo konspirazioetan sinisten duen paranoiko bat)

Azken aldi honetan, badirudi kale borroka eta atentatuak berpizten ari direla. Kutxazainen ke beltzak berragertu dira; ipar haizeak kloratitaren burrundadak dakartza. Bake prozesuan gaudela diote; beste batzuek biolentziaren berragerpen baten aurrean.
Esaera zahar batek "usteak erdi ustel" dio; gauza berbera esango dut susmoekin; eta susmo ttippi bat dut. Susmagarria da azken aldi honetan, bakeaz pilo bat hitz egiten den aroan, "kale borrokaren" berragerpena ematea. Ez dakit nork /nortzuk dauden honen atzetik, denetarik egon daiteke. Batzuk esango dute ohiko pertsonak izango direla (ez zeuden espetxeraturik?); nire ustez hori baino askoz konplexuagoa da. Konspirazionismoa aintzat harturik (zergatik ez, mundu globalizatu honetan guztia posible baita) abertzaleen aurkako interesak ikusten dituk ekintza hauen atzean, bake prozesua lehertarazi nahi dutenak. Espainiar faxisten esku beltza ekintza hauen atzean? Zergatik ez. Ez nuke talde konkretu bati pisua leporatuko, denetarik baitago edozein taldetan. Baina onartu behar da ekintza hauek bi taldeentzat onuragarria da (batez ere batentzat).
Lehenengoa argi dago, espainiar eskuina (PP baino gehiago dena). Botoen aldetik argi dago; baina baita ere diru aldetik. Seguratekin zer gertatuko da bakea iristen denean? Eta poliziagaz? ...
Bigarrena (nire paranoia izan daitekena) EAJ litzateke, beste batzuen artean. Zergatik? Gure herrian zentroko alderdiaren irudia dela dago, Espainiar konstituzionalisten eta ezker abertzalearen arteko kontrapesua egiteko. Baina benetan eskuineko alderdia da, beren interesak soilik bergiratzen duena, egoera honetaz aprobetxatuz dirutzak egin dituena. Talante demokratikoaren irudia ematen du (modako hitza: talante, zein da beren esanahia?); baina benetako erreferemdumak egin behar direnean ukatzen dituena (Boroako zentrala, AHT, ...).
Ez dugu sinplifikatu behar. Azken finean, hauek usteak dira. Baina biolentziaren berragerpen honen atzean ETA eta Kale boroka baino gehiago dago. Garai batean GAL sortu zuten. Gaur egun, zer?